XIX. mendearen amaieran, Beasaingo herriak
2.000 biztanle inguru zituen eta 45 bat eraikin hirigunean.
1842 eta 1867ko udal erroldak eta 1889an buruturiko Gipuzkoako
Errolda izan ziren abiapuntu, etxe horiei eta bertako bizilagunei
buruz ikerketak egin eta, pixkanaka, zerbait gehiago jakiteko.
Lan honetan, beste mota bateko eraikinen bat aipatzearekin
batera, XIX mendearen amaierako irudian ikusten diren etxeen
izenak eta historia laburra ezagutuko ditugu. Herrian garrantzitsuak
izan ziren eta abiapuntutzat hartu dugun argazkia egin zen
garaian jadanik desagerturik zeuden hainbat etxe kokaturik
egon ziren orube ezagun batzuk era abiatuko ditugu.
Hala ez iruditu arren, herriko etxeak, beren lur sailak,
biztanleak eta ohiturak abiadura handian aldatu dira XIX.
mendearen bigarren erditik XX. mendearen amaiera arte. Horren
adibide dira Beasaingo hirigune zaharreko baserri, paisaia
eta eraikinak. Beraiei buruzko argibideak bildu ondoren lan
honetan aurkezten ditugun hirigune horretako 40 eraikinak
bakarrik kontuan hartuz, zera ikusten dugu, horietako hogeita
hamar desagertu egin direla, beste zortzi (horien artean Parrokia
eta beronen mendeko bi etxeak) erabat edo zati batean berrituak
edo eraldatuak izan direla, eta 1999an bi eraikin bakarrik
zirauten (nahiz eta bi aurri-egoeran egon) fatxada XIX. mendearen
azken laurdenean bezala zutenak.
|