| Mateo Muxika Urrestarazu Jn. Idiazabalen jaio zen,
Igarondo baserrian, 1870eko irailaren 21ean, San Mateo egunez. Haren
aita Jose Domingo Muxika, Idazkaria eta Peritu Agronomoa zen, eta
Beasaingo Udal-Idazkari izendatu zutenez, hona aldatu zuen familiaren
bizilekua Mateo Jn.ak oraindik urtebete besterik ez zuenean. Andre
Mari kaleko Don Juanenea etxean bizi izan ziren, gaur egun kale
bereko hamairu zenbakidun etxea dagoen lekuan.
Lehen ikasketak eta musika Beasainen ikasi ondoren, apaiz--ikasketak
egitera joan zen. Oñatiko Unibertsitatean Latina eta urtebetez
Filosofia ikasi zituen, eta gero Gasteizko Apaizgaitegian sartu
zen. Salamancan Teologian doktoretza egin eta apaiztu ondoren, Usurbilgo
parrokian lan egin zuen bolada batean. Gasteizko Apaizgaitegiko
irakasle ere izan zen, Latin, Erretorika eta Filosofia katedretan.
1903an lehiaketa bidez izendatu zutenetik, kalonje irakaslea izan
zen Gasteizko katedralean.
1905ean hasi zen euskal letretan, "Don Quijote de la Mancha"ren
XIII. kapitulua euskaratu eta Gasteizen argitaratuz. 1911ko irailaren
24ean, sermoi eder bat egin zuen euskaraz Segurako parrokian, herri
hortako Euskal Jaietan. 1918. urtera arte garrantzi handiko hainbat
kargu izan zituen. Aita Santu Pio X.ak, Erroma eta Lur Santuetarako
erromesaldien Espainiako arduradun izendetu zuen.
1918ko maiatzaren 20an gotzain egin zuen monsinore Ragonesi Nuntzioak,
eta Burgo de Osmako Apezpiku izendatu zuten.
Besteak beste, Madril, Bartzelona, Zaragoza, Valladolid, Avila,
Burgos, Gasteiz, Iruñea, Donostia eta El Escorialen sermoiak
egin, eta Kolonia eta Maltako Batzar Eukaristikoetan hitz egin zuen.
Ikusten dugunez, oso gizon ospetsua zen.
1924ean Iruñeako gotzain izendatu zuten, eta 1925ean "Mujika
ta Urrestarazu'tar Mateo Iruña'ko Gotzai jaunak bere eliz-------barrutikoai
egiten dien Artzai-eskutitza, Iruña'n" gotzain-----agiria
argitaratu zuen.
1928an Gasteizko Gotzain izendatu eta ekainaren 24ean eman zion
hasiera gogoangarria. Han Apaizgaitegi berria inauguratu zuen 1930eko
irailaren 30ean.
II. Errepublikaren ezarpena zela eta, honen aurka egin zituen adierazpenengatik
Espainiatik egotzi egin zuten 1931ko maiatzaren 17an, eta erbestean
Frantziako Poitiers-ko La Puye-n bizi izan zen, harik eta 1933ko
apirilaren 12an itzultzeko baimena eman zioten arte.
1936an gerra piztu ondoren, Iruñeako Gotzaina zen Olaechearekin
batera, "Non licet" gotzain-agiria sinatu zuen abuztuaren
6an, eta bertan erasotutako Errepublikari laguntzea ez zela zilegi
adierazten zieten katolikoei. Baina haren hasierako eraspena desagertu
egin zen altxatutakoek eginiko gehiegikeriak egiaztatu ahal izan
zituenean, eta hauen aurka ere bi gotzain-agiri idatzi zituen.
Euskal Estatutoari eta abertzaletasunari zeharkako laguntza eman
zien, izan ere Estatutoaren aldeko botoa ematea bekatua zela aldarrikatzen
zuten eskuindar batzuen aurrean, berak, Estatutoari botoa ematea
ez zela gaitzesgarria aitortu baitzuen. 1936ko urriaren 14ean, Burgosko
Defensa Batzordeko Cabanellas jeneralaren egozpen agindu batek Erromatik
itzultzea eragotzi zion, hara batzar batera joana baitzen.
On Mateo Muxikaren izena ez zen agertu, ez eta Vidal y Barraquer
eta Juan Irastorzarenak ere, 1937ko uztailean, munduko apezpikuei
Francori emandako laguntza azalduz Espainiako apezpikuek egin zuten
Talde-gutunaren oinaldean. Bere eliz------barrutia utziarazi egin
zioten Cinnakoaren truke, eta Lapurdiko Kanbon kokatu zen, 1945ean
bere "Imperativos de mi conciencia" ospetsua argiratuz;
bertan apaiz abertzaleen defentsa sutsua egiten du, "bidegabeki
jazarri, laidoztatu, zigortu, ebatsi eta iraindutako" apaizak
izan zirelako.
Behar ziren eginbide eta zereginak bete ondoren, itzultzeko gogoz
baina era berean Francoren Erregimenari propaganda egingo ziola
eta atsekabeturik, 1947ko maiatzaren 22an itzuli eta Zarautzen kokatu
zen On Mateo polizia baten zaintzapean. Han bizi izan zen, irudi
agurgarri bat bailitzan, 1968ko urriaren 27an, 98 urte zituela,
itsu hil zen arte.
Beasaingo Udala, Loinaz Abesbatzako kideak eta beste beasaindar
batzuk bertan zirela hiletak egin ondoren, haren gorpua Gasteiza
eraman eta han Andre Mariaren Katedralean ehortzi zuten.
Zenbait urte lehenago, Beasaingo Udalak herriko semeorde izendatu
zuen.
On Mateok beti maitatu izan zituen Beasaingo herria eta Loinazko
San Martin. Ez zuen inoiz hutsik egin ekitaldi aipagarrienetara,
1924ko Udaletxe eta Eskola berrien bedeinkapenera esate baterako,
ez eta era guztietako erlijiozko egintza garrantzitsuenetara ere.
1962an, Loinazko San Martin santu egin zuteneko I. Mendeurrena zela
eta, Loinaztarraren Jubileo-urtearen hasiera eta Eskualdeko Batzar
Eukaristikoaren buru izan zen.
Manilan zuzen-zuzeneko azterketak egin zituen, Loinaz deituraz eta
San Martinen beasaindar jatorriaz frogak eskainiz. Gasteizko eliz-barrutiko
Gotzain zenez, Elizaren erabakiak bete arazi egin behar izan zizkien
Bergarako herriari eta hango apaizei, eta hori zela medio atsekabe
handi samarra izan zuen herri hartara egin zuen hurrengo gotzain
ikustaldian.
Erbestetik itzuli eta hurrengo urtean hasita, 21 urte geroago hil
zen arte, urtero parte hartu zuen Beasain Jaietan aldizkarian, gaixo
egon zen urte pare batean izan ezik.
|