|
Martin Inazio Aranburu Urteaga Jn., Loinatz-azpikoa baserrian
jaio zen 1887ko uztailaren 24ean. Haren aita zen baserriko etxekojauna,
eta haren Garingo ama, berriz, etxekoandrea.
Haurtzaroan lehen mailako ikasketak egin ondoren, guri ezezaguna
zaigun lanen batean aritu zen zenbait urtetan, baina istripu larriren
bat izango zuen, zeren eta, orduz geroztik, bizkarrezurrean hartu
zuen mina zela medio, ez zuen lanik egin ahal izan indar handia
egitea eskatzen zuten lanetan.
Sendatu zenean, Udalak kontratatu zuen lan txiki batzuk egiteko
eta, horrela, erratzez garbitzen zituen udaltzainen bulego inguruak,
komunak, etab. Urteak joan ahala, lan kualifikatuagoak hartu zituen
bere gain, esate baterako, edateko uraren banaketari buruzko zeregin
guztiak, edota herriko dendetan sartzen ziren merkagaien udal zergen
kobraketa.
Urari zegokionez, Martin Jn. egunero igotzen zen depositura oinarrizko
isurkaria ondo iristen ote zen egiaztatzera, bestela "begiratzera"
joan behar izaten baitzuen, ur-hornidura galerazten zuen matxura
non izan ote zen ikusi eta berun galdatuaz konpontzeko.
Ur-hartze edo lotune lanak ere ikuskatzen zituen, etxe berriak egiten
zirenean, etab. Ohizko lanak denak, Martin Jn.ak erraztasun osoz
eta trebeki menderatu eta burutzen zituenak. Baina industriaren
gorakada zela eta, Beasain erritmo bizian handitu zen; gainera,
etxebizitza berrietan garbigailuak eta bainu-gelak jarri zirenez,
biztanle bakoitzeko ur-kontsumoa hainbesteraino gehitu zen, non
50eko hamarkadan ura moztu egin behar izaten zen gauetan eta eguneko
zenbait ordu jakinetan. Eta orduan ohizkoa zen Martin Jn. burdinezko
biragailu handia eskuan zuela ikustea, bai gaueko hamaiketan hodietako
balbulak ixteko, bai goizeko seietan edo zazpietan haiek irekitzeko,
eta baita lehorte garaia zenean eguneko beste ordu batzuetan ere.
Dendei zegokienez, herrian sartzen ziren merkagaien udal---zergak
kobratzeaz arduratzen zen. Zeregin hori ez zuten, ez, oso gogokoa
herriko dendariek, eta saiatzen ziren iritsitako fardelak gordetzen,
baina fardelak banatu, edota arrain-plazara salgaiak ekartzen zituzten
karroetatik ez zen oso urruti ibiltzen Martin Jn. Hain artetsu eta
lehiatsua zen, eta, ia inor ohartu gabe, hain trebea emaitza onak
lortzen, non lagun artean "Martin xagu" ezizena jarri
baitzitzaion.
Langile zintzo eta finaren fama izan zuen beti.
Ezkongabea zenez, "apopilo" bizi izan zen Murgiondo etxean,
"Sorobideta" izeneko bidearen hasieran, gaur egun Nafarroa
etorbideko zazpi zenbakidun etxea dagoen lekuan. Erretiratu ondoren
Ospitalean babes hartu eta hantxe hil zen 1965eko irailaren 2an.
|