| Jose Martin Arana Arregi Jn., "Fábrica
de Hierros San Martín" lantegiaren sortzaile izan zen
Jose Frantzisko Arana Jn.aren semea, Beasaingo Burugorriñea
baserrian jaio zen 1846ko martxoaren 9an. Mende honen hasierako
urteetan bere izena duen kaleko etxeak eraiki ondoren, baserria
utzi eta lehenengo atariko behe-solairuko etxera aldatu zen bere
familiarekin, handik urte gutxitara gaur egun Kale Nagusiko lehen
zenbakia duen Casa de Arana ("Aranaren Etxea") ezaguna
egin zuen arte.
Aipatutako etxebizitza hoiek, Jose Martin Aranak berak eraiki zituen,
denak sailean bost atari zituztela, Udalari lurrak erosi eta garai
bateko erremonte- eta zestapunta-pilotalekua bota ondoren.
Galdetutako guztiak bat etorri dira hura oso gizon saiatua zela
aipatzerakoan, bizitzak kolpe latzak eman zizkion arren, izan ere
berak izandako hamabi semeetatik batzuk sasoirik onen--onenean hil
baitzitzaizkion, ospitale batean laguntzaile-lanak eginez kutsatu
omen zen medikua esate baterako, eta ezagunena, Periko, 1914ean
udal-epaile zena, honen anaia Serafin alkateorde zen garaian.
Bi aldiz izan zen Beasaingo alkate: lehenengo aldiz 1876---1878
bitartean, hogeita hamar urte zituela; eta bigarren aldiz 1899-1902
artean. Lehen aldi hartan, beste gauza batzuen artean, bi pilotaleku
zoragarri eraiki zituen. Bata, pilotan eskuz jokatzeko, Bideluze
plazaz hitzegiterakoan azaldu dena; eta bestea, berriz, Errebote,
Punta eta Erremontez jokatzeko.
Bi pilotaleku horiek egiteko diru asko behar izan zen, 18.000 pezeta
inguru, eta bien artean angelu zuzena osatzen zuten; bata, ibaiarekiko
elkarzutik zegoen, orain Usurbe antzokia dagoen lekuan, eta bestea
ibaiaren norabidean.
Joan zen mendearen amaieran tinta-fabrika ere sortu zuen, bere seme
Serafin Parisera bidaliz zientzia kimikoak ikas zitzan. Han, Serafinek,
Emile Hunolt gazte frantziarraren lagun egin eta berau Beasaingo
fabrika zuzentzeko kontratatu zuen; handik gutxira, 1903an, frantziarra
Jose Martin Jn.aren alaba (Fani) Estefaniarekin ezkondu zen, gerora,
oraindik haren abizena daraman enpresaren jabe bakartzat geldituz.
Haren alkatetzaren lehenengo aldian eraiki zen herriko lehen ur-biltegia,
gaur egun Txindoki Institutua dagoen lur-sailetan ezagutu genuena,
zegozkion ur-ekartzeak ere eginez.
Gaur egun Kale Nagusiko bigarren zenbakiko etxearen orubean, hura
bizi zen etxearen pare-parean, zerra mekanikodun lantegi bat zuen
1915. urte aldera, gero, Química Forestal, S.A. (QUIFOSA)
izenez, pago-egurretik alkohola egiten zuen lantegi bilakatu, eta
egur horren lehen tratamendurako Lizarrustin zuen beste lantegi
baten osagarri izan zena. Gaur egungo etxea eraikitzeko, lantegi
hura bota egin zuten 1956an.
Jose Martin Arana Jn., Beasain hil zen 75 urte zituela, 1921eko
ekainaren 5ean. |