| |
EKINTZAK |
| |
EKINTZAK
> LOINATZ JAIAK - MARIREN JAITSIERA |
| |
Mari. Euskal mitologiako izaki hau emakumezkotzat
hartzen da eta lurpean bizi izanik, Euskal Herriko izaki mitologikoei
atxiki izan zaizkien eginkizunak burutzen ditu. Gainerako inguma,
irelu eta gisakoen burutzat hartua da.
Mariri buruzko kontakizunetako batean - Ataungo eta Beasaingo kontakizuna
- Mari, Beasaingo Murugoena baserriko mutil gazte batekin ezkondu
zela esaten da. Zazpi seme-alaba izan omen zituzten. Bera kristaua
ez zenez, ez omen zituen bataiatu. Senarrak ordea, bera eta seme-alabak
herriko elizara bataiatzera ekartzen saiatu omen zen. Orduan Marik
gurdian su hartu omen zuen eta sokak erreta sugarretan hegaztatu omen
zen honako hau esanez: "nere umeek zerurako, ta ni oaiñ
Muruako·" eta bere Murumendiko lehenengo koban sartu omen
zen.
Loinatz Jaiei hasiera ematen dien ekitaldian zehar, Marik beasaindarrei
hitz egiten die agurtuz eta jaietarako aholkuak emanez. Ekitaldi horretan,
Beasaingo euskal dantzari-taldeek eskuhartzen dute eta lastargi sutuak
eskuetan dituztela kantu eta dantza sartzen dira Loinazko San Martin
plazan hainbat lekutatik etorrita. Plazan, sorgin-dantza eta gisakoak
dantzatzen dituzte akelarrea irudikatuz. Ondoren, Loinatz abesbatzak
Mariri eskainitako kantu bat kantatzen du. Abesti hori egungo abesbatzako
Zuzendari den Xabier Sarasolak konposatua da.
Plazaren erdian dagoen alamartxoa pizten da eta Mari (panpina), Murumenditik
jaisten da airean trumoi eta tximisten artean, atzean txalaparta entzuten
den bitartean eta azkenik alamartxoaren erdi-erdira erori eta erre
egiten da. Ondoren Mari ( pertsona ) Udaletxeko balkoian azaltzen
da eta herritarrak agurtu ondoren, jaietako pregoia irakurtzen du,
bukaeran Loinatz Jaiak hasteko suziria piztuz.
Danborrada.Gauza ziurtzat jotzen da, 1936ko gerra baino lehen danborrada
izan ohi zela, " Beasain Festivo " argitaratzen zela eta
Inauterietan jai bikainak ospatzen zirela. Beraz, ia 40 urte eta gehiagoko
hutsunearen ondoren, 1978an egin zen berriro ere danborrada Beasainen.
Lehenengo urtean, bi konpania danborjole eta bat kupeltxojoleena zirela
egin zen joaldia eta ibialdia. Bigarren urtean, ugaldu egin ziren
joleak eta bi musika-taldek eskuhartu zuten.
Hirugarren urtetik aurrera, herriko elkarteek, Udalarekin adostasunera
iritsita, danborrada antolatzeaz arduratu ziren. Era berean, Elkarteek
bigarren aldiz antolatu zuten urtean, gurdi bat prestatu zuten Beasaingo
Elkarteetan zaharrena den Usurbe Elkartekoek eta harez geroztik txandaka
jarraitzen diote eginkizun horri antzinatasun-ordena zintzoki gordez.
Konpromiso honek badu zerikusirik ibilian duten ordenekin. Horrela,
gurdia prestatzeko ardura duen Elkartekoak azkena joaten dira ibialdian
zehar eta ez da errepikapenik gertatzen taldeen ordenan.
Ibilaldia Loinazko San Martin plazan bukatzen da eta konpania guztiek,
doinu guztiak jotzen dituzte azkenean Ramon Aranburu zenaren Beasaingo
martxa joz. Aurretik ordea, aldez aurretik finkatutako kaleetan zehar
ibiltzen da konpainia bakoitza " berotze-ariketak " egiten
eta festa-giroa sortzen. Talde bakoitzak bere kantinerak eta pikatxoilariak
ditu eta guztien artean bostehundik gora izan ohi dira. Ibilaldirako,
ibilbide osoan barreiatutako megafoni ekipoa izaten da, baina Plaza
azken joaldia egiteko musika-bandaren bat izaten da.
Prosezioa.Loinatz bigarrenean, Azentzio ondorengo astelehenean Loinazko
San Martin Baselizara egiten den prozesioaren jatorria jakin nahi
badugu, XVII. mendera jo beharrean gaude, hots, Alexander VII.a Aita
Santuak Elizako buruzagitza zuen garaira (1655-1667).
Gauza jakina da prozesioa Aita Santuak ontzat emana eta baimendua
dela, izan ere, Alexander VII.a Aita Santua izan baitzen Bulda bidez
Kofradiari 2 jaiegun ospa zitzan agindu ziona bata, Igokunde edo Azentzio
( orduan osteguna ) ondorengo zortziurrenaren barruko Igandean ( Loinatz
egunean ) eta bestea hurrengo astelehenean. Parroki Elizatik Santua
jaio zen leku sakratura prozesioan joanez. Luxuaren xehetasun ikusgarria
da Loinazko San Martin imaginaren santu-eramaileek etiketaz jantzita
joan behar dutela frak eta guzti, eta zalantzarik gabe, martiriaren
jaiera handia zuenen batek jantzi horiek kaleratzean izan zituen maitasun
eta errespeto handiak agertzen dira hor, herrian horrelako usadioa
antzinatik gaurdaino finkatuta utziz.
Zinegotzi bat izan zen antzina, Teniente Fiskal alegia, etiketa handiz
jantzia ere herriko bandera prozesioan eramaten zuena eta bi aldiz
Parrokiako Elizatarian eta beste bitan Baselizaren atarian, txistulariek
jotako ezpatadantza-doinua jarraituz, Teniente-Fiskalak Bandera-dantza
egiten zuen bandera Santuaren imajina aurrean zabalduz eta bilduz,
lehenik ezkerraldetik eskuinera eta gero eskuinaldetik ezkerrera.
Gero biziago baina esku sendoz, bi, hiru eta inoiz lau aldiz ere biltzera
iristen zen beste hainbestetan askatuz eta azkenean Martiri Santuaren
imajinaren oinetan zabal-zabal eta umilkiro utziz. Ohikun jai urtero
bete izan da Loinatz bigarrenero (Jaietako astelehenean).
Erakunde bidez Udalbatzako kargudunari zegokion zeregina ordea, denbora
pasa ahala, Loinazko San Martinen Kofradiak izendatutako pertsonaren
eskuetara pasa zen, Kofradia hori baitzen hein batean jai-egitaraueko
erlijio-ospakizunen arduraduna. |
 |
|
|
|
|